Ekimen aitzindaria

Zaintza HerriLab estrategia Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri Fundazioak gidatutako ekimen bat da, zeinaren bidez sustatzen baita zainketen tokiko ekosistemak garatzea, etxean bizi diren eta ahultasun- eta mendetasun-egoeran dauden adinekoen arreta eta zainketa hobetzeko.
Zer da zainketen tokiko ekosistema bat?
Nola diseinatzen dira arreta- eta zainketa-ibilbideak?
Zer da arreta pertsonalizatuko plan bat?
Nola garatu arretaren eta zainketen tokiko ekosistemak?
Zer onura eta inpaktu sortzen dituzte zainketako ekosistema lokalizatuek?

Zainketen ekosistema batek tokiko mailan integratzen ditu, erabiltzaileen eta udalerriaren premietatik abiatuta, osasun zerbitzuak, gizarte zerbitzuak eta zerbitzu komunitarioak, eta gizarte ekimena eta ekimen pribatua lotzen ditu, arreta- eta zainketa-ibilbideen diseinuan eta kudeaketa pertsonalizatuan. Ibilbideak dira zerbitzuak adinekoen premiekin lotzen dituzten bideak.

Osasun zerbitzuen, gizarte zerbitzuen, zerbitzu komunitarioen eta zerbitzu pribatuen eskaintza adineko bakoitzaren premietara egokitzeko, kasuak kudeatzeko metodologiak jartzen dira abian. Kasuen kudeaketa zainketetan espezializatutako talde profesional batek koordinatzen du. Talde horrek, balorazio- eta diagnostiko-tresnei esker, ezagutzen ditu adineko pertsona bakoitzak eta haren inguruneak dituen premiak. Informazio horrekin, eta adineko pertsonaren eta haren familia-ingurunearen lankidetzarekin, arreta pertsonalizatuko plan bat diseinatu eta kudeatzen du.

Arreta pertsonalizatuko planek denboran zehar planifikatutako jarduera-multzo bat antolatzen dute, adineko pertsonari bere eguneroko bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko. Kasu bakoitza kudeatzen duen pertsonak/taldeak arreta pertsonalizatuko plana egiten laguntzen du, eta koordinazio eta gainbegiratze lanak egiten ditu, zerbitzuetarako sarbidea erraztuz eta planean aurreikusitako jardueren jarraipena eginez. Arreta pertsonalizatuko planak ingurune digital batean erregistratzen dira. Ingurune horrek bizi-historiaren erregistroa (digitala) ahalbidetzen du, eta pertsonen eskubide digitalak errespetatzen ditu.

  1. Maila anitzeko talde eragile bat eratzea (tokikoa, forala eta autonomikoa) (gobernantza eta erabakiak hartzea). 
  2. Tokiko zerbitzu eta ibilbideen mapa egitea eta tokiko ahalmenak ebaluatzea. 
  3. Profilen mapa bat egitea (erabiltzaileak) eta zainketa-ibilbideak diseinatzea. 
  4. Zerbitzu berrien edo hobetuen esperientzia pilotuak eta horien arreta- eta zainketa-ibilbideak diseinatzea eta testatzea. 
  5. Lankidetza instituzionaleko planak diseinatzea eta ezartzea (ebidentzian oinarritutako politikak). 
  6. Zerbitzu eta ibilbide berrien inguruko prestakuntza eta egokitze profesionaleko programak diseinatu eta bultzatzea. 
  7.  Zerbitzu berriak edo hobetuak eta horien arreta- eta zainketa-ibilbideak egonkortzea, gizarte-, osasun- eta komunitate-zerbitzuen zorroaren barruan, tokiko mailan (udalerria). 
  8. Proiektu esperimentalak, garapen instituzionaleko planak, prestakuntza programak eta arreta- eta zainketa-eredu berriak eskalatzea (hartuta/egokituta transferitzea) . 
  9. Ekosistema garatzen den une bakoitzean, ebaluazio parte-hartzaileko eta inpaktuaren ebaluazioko prozesuak garatzen dira (etengabeko ebaluazioa).

  1. Gobernantza. Tokiko ekosistemek modu operatiboan egituratzen dute lankidetzazko gobernantza, esperimentazioak diseinatzeko eta ebaluatzeko, garapen-planak diseinatzeko eta tokiko arreta eta zainketa eredu berriak egonkortzeko. 
  2. Diagnostikoa. Tokiko ekosistemek tokiko arazoak eta haien ibilbideak hobeto ulertzen laguntzen dute, tokiko eragileen berariazko aukerak eta interesak egituratuz arazoen definizioan eta irtenbideen gaineko orientazioan. 
  3. Erabiltzaileak. Tokiko ekosistemek hobeto jasotzen dituzte benetako erabiltzaileen tipologiak eta arretarekin eta zainketarekin lotutako zerbitzuen erabilera-praktikak. Horrek aukera ematen du zerbitzuen eskaria eta eskaintza hobeto konektatzeko, tokiko baliabideen arabera, eta zerbitzuak (osasuna, gizarte zerbitzuak eta komunitarioak) erabiltzeko eta kontsumitzeko eredu kulturalen arabera. 
  4. Esperimentazioa. Tokiko ekosistemak esperimentalak dira berez. Esperimentazio soziala funtsezkoa da ebidentzian oinarritutako arreta eta zainketa politikak, zerbitzuak eta ibilbideak diseinatzeko. Esperimentazio soziala da erabiltzaileek eta erabiltzaileentzat egindako berrikuntza sozialak diseinatzeko estrategiarik onena. 
  5. Tokiko gaitasunak. Ekosistemek tokiko gaitasunak garatzen dituzte, abiapuntutzat hartuta esperimentazioa (berrikuntza), garapen- eta prestakuntza-planen garapena eta zerbitzu eta ibilbide berrien integrazio instituzionaleko prozesuak. 
  6. Egonkortzea. Tokiko ekosistemek garapen instituzionaleko planak garatzen eta bultzatzen dituzte, lankidetzazko gobernantzan oinarrituta, lehendik dauden zerbitzuetan zerbitzu berriak integratzea ahalbidetzen dutenak.
     

Gehiago jakin nahi duzu?

Zaintza HerriLab estrategiaren edo abian den edozein HerriLaben inguruan gehiago jakin nahi baduzu, bisitatu gure harremanetarako orria.